Eltzarruze

Itxaro Borda
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Isturitze eta Donamarti mendietan barna airea harturik karrikan gabiltza oraino. Ematen du gerrilla sozialak ez duela gelditzerik, eta aldion, erretretaren erreformaren kontra asaldatzeaz haratago, Michel eta Monique Pinçon-en liburuaren titulua orrialdeotara ekarriz, oldarra Le président des riches hari zuzentzen zaiola. Orea behin eta berriro lantzekoa omen da ontzi uherrean. Tren gidarietaz gain, atzoz gero, findegietako langileak eta garraiolariak sistema ekonomikoa blokatzen ari dira, uste ez den lekutik.

Irudi luke gobernua bere artista malgoak gerra latzean erabiltzen hasia dela. Halatan Gerard Depardieu antzezle superordaindua Abu Dhabitik mintzatu da erranez mugimendu hau guztia zinez erridikulua zela, Espainian erretiro adina 67 urtetan dela erantsiz. Adibide bat balitz bezala. Artista batentzat ohoretsua baldin bada tauletan jostatzen hiltzea, fabriketan eroturik, umiliaturik eta estresaturik ari denarentzat ankerra da. Frantses -eta euskaldun- arruntekiko distantzia likitsaren sakontzeko alaina baliabideak oro egoki zaizkio botereari.

Eltzarruzen gora gure zainetan nabaritu magnetismo mineralak susta gaitzala: ez gara finantzialarien gatazketarako haragi-puska soilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.