Itxaro Borda

Eltzarruzetik

2025eko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahiz eta ez naizen Oihana Kortazar, maite dut igandeetan, Bach entzunez iratzarri ondoren, Isturitzen aurkitzen naizenetan bederen, trosta arin batean Eltzarruzera igotzea. Ez da animaleko mendia, baina desnibela sentitzen da, xendra sugetzen dabil, harri grisen, iratzeen eta tximixtek erdibitu zuhaitz handien maldan. Hatsa luzatzen zait, hatsa laburtzen zait, gailur umil horren baitako magnetismoak lehertzen nauela iruditzen zaidala: ordainik gabeko ilusioa.

Biraz biraka elkarren ezagutza egin dugu. Ez ditugu beti gai gozoak aipatu, geziak batzuetan, gehienetan gaziak. Egunkari honen kantoi honetatik mundua pasatu da, artifizialetik ezer ez duen inteligentzia soil eta biluzi batekin. Halako hizketaldi isil, hurbil eta menturaz aberats bat sortu da, bakoitzak bere iritzia zainduz eta bestearena kontuan edukiz. Eta alderantziz, alabaina.

Eltzarruzetik jaistean, bi laborari gurutzatu ditut, udatiar familia bat txakur batekin eta ardi saldo bat noraez. Bihotz ximiko batek erauzi nau, ihurtzuriak ikaztu behialako arbola hura banintz bezala: irailaren lehenetik hara ere mundu minbera hau bipiltzen jarraituko dugu... anartean, irakurle, bakantza on zuri!

Erran bezala...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.