
BIRA
Elur panpina
Demagun Estatu Batuetan zaudela, adibidez, Floridan, ailegatu berriaren galbahetik harriduraz (alegia, ignorantziaz) den-dena iragazten: berehala ohartu zara zerbitzariak, atezainak, supermerkatuetako beharginak, garbitzaileak, lorezainak beltzak direla (hara berton black lives famatuak!). Kontatu dizute, «ni-ez-naiz-arrazista-baina...» baten ondoren, afro amerikarrek latinoak gutxiesten dituztela, ghetto bat direla, motel samarrak (alferrak), ikasketa maila apalekoak... Eta jabetu zara, iritsi zarenez geroztik, jende askok hitz egin dizula «beltzei buruz», orokorrean; ez, ordea, «zuriez». Zergatik ote den? Ea, pista bat: zelakoa da ezagutu duzun jende guztia? Halere esan zeniezaioke zeure buruari zu ez zarela zuria, gorria zarela (edo behintzat arrosa) eta posizio horretatik hurreratu beltzengana. Ordea, susmoa duzu, egiten duzuna egiten duzula, botere harreman desorekatu bat sortuko zenukeela, hobe, beraz, (momentuz) geldi egon. Orduan, zeure pribilegioak errekonozitu dituzunean, blokeatu egin zara eta pentsatu duzu mundua ez ote den barruan sonbreirudun elur panpina bat edukitzen duten kristalezko bola horietakoa; indarrez astinduta ere, maluta txikiek hondoan amaitzen dute beti eta elur-gizon zuriak tinko eusten dio erdi-erdian. Eta, bai, my friend, zuk (ere) gorritik (edo behintzat arrosatik) duzuna ez da eguzkiaren erredura besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu