Iazko urtean Amazonen bidez 5.000 milioi artikulutik gora saldu ondoren, Jeff Bezosek, plataformaren sortzaileak, munduko gizonik aberatsenaren tronutik egotzi du Bill Gates. Ikusi izan duzu, bai, zeuk ere lankidea (dendarik denda ibiltzeko astirik barik, etxetik bulegora eta bulegotik etxera bizi dena) arropa, oinetakoak, elektrotresnak, jostailuak, liburuak, kosmetikoak eta jatekoa ere enkargatzen. Ikusi izan duzu paketea zabaldu orduko ostera ere zarratu eta bueltan bidaltzen, «lasai, debalde da» edo «konturatu naiz ez dudala behar» esanez. Eta zuk, zeure sorginean, haren damualdia aprobetxatu mahaikideari urte pare batean herrian zenbat denda itxi dituzten gogorarazteko edo aukeratzen, erabakiak hartzen, ez dakiela iradokitzeko.
Irten izan zara, bai, lantokitik zentimetro pare bat hazita eta egin izan duzu topo etxean xaboi ekologikoak egiten dituen lagunarekin; harategira eta arrandegira tuperra eroaten duen harekin. Eta esan izan dizu Errotako Piliren zain dagoela, astero bezala, sasoiko barazkien otzara ekar diezaion. Bera konturatu gabe gogorarazi izan dizu supermerkatura joaten zarela gehienetan (kotxean, noski), hantxe, produktu ekologikoen pasilloan, beherapen eta guzti saltzen dituzten kontzientzia aringarrien bila. Eta halaxe, beste zentimetro pare bat txikituta, itzularazi izan zaitu zeure tamaina naturalera.

BIRA
Erosketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu