Itxaro Borda

Errobi hegitik

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionan gurutzatzen dira, herriko etxearen maldan, Aturri handia eta Errobi bihurria. Duela bi aste Errobi ezberdinen sorburuen harpe inguruetan geunden, Ezterenzubi gainetan, euri, haize eta lainopean. Agur bat hemendik beretik espedizio hartan parte hartu zuten kide guziei. Gaurkoan, Errobi hegitik nabil, urriko eguzki beroaren ziztak larruan eta kanpotarrek jada uda indiarra deitzen duten larrazken mineko argitasunean itoa, ama-ontzi amniotiko batean bezala.

Urratsa urratsari nabilela, mintzatzeko gogo handirik ez dut. Gustatzen zait nigan daramadan isiltasun putzu hori. Bat-batean ez dut hitzetan sinesten. Merlin Bird aplikazioarekin inguruko txori koruko hegazti bakoitza izendatzen saiatzen naiz eta nire isiltasun zoharra, hor, txio soinuz hantzen da. Hego haizea sentitzen dut ileetan eta ikusten, halaber, bazterretako belar luzeen kukuluak mugiarazten: igandea da, Bachen kantata bat entzunez hasi dut eguna, korrika nabil eta nola Errobi Aturriren uretan, ni ere, berehalakoan, humanitate malgu eta ezti baten itsasoaren uhinetan urtuko naiz!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.