Onintza Enbeita
BIRA

Esan nizuen

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte batzuk pasatu dira kulerorik gabe ibiltzeko joera publikoki aitortu nuenetik. Harrezkero, elkarrizketa asko izan ditut horri buruz: nola aldatzen duen jarrera jendaurrean egin beharreko lanetan, ze askatasun ematen duen momentu batzuetan... askok barre egin izan dit, batzuk harritu egin dira eta besteak nire antzera ibiltzen direla badakit. Kontua da orain mundu guztiak deskubritu omen duela zein ederra den barruko arroparik gabe ibiltzea. Ezin diot begiak sabaira begira jartzeari utzi. Nire barruko umeak esan nahiko lieke: «Ez zaizue gutxi kosta askatzea!». Baina ez dut ezer esaten. Ez dut ezer esaten sinestezina egiten zaidalako etxean konfinatuta egon arte ez duzuela kuleroen gometatik edo galtzontzilloenetatik askatzeko premiarik izan. Ez ote da izango, orain oso ondo gelditzen dela jendeari pentsaraztea, hor zaudela zure sofan, tripaz gora (edo trotola zabalik) eta kulerorik gabe?

Eta gero daude sujetadorerik gabe egotearen plazeraz mintzo direnak. Arrazoia daukate: aroak, gomak, tirak, kopak... kenduta, ederto egoten da bat. Kontua da, eta uste dut hori ere esan nizuela, behin neurri batera ezkero, mingarria dela zenbait gauza sujetadorerik gabe egitea. Beraz, ulertuko duzuenez, sujetadorea janzteko gogoa daukadanean hasiko naiz etxean kirola egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.