Miren Amuriza.
BIRA

Eskemak apurtu

2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kantatuz eta dantzatuz eten dute asteon Durangoko udalaren plenoa hainbat feministak, Fran Garate zinegotzi popularraren dimisioa eskatzeko (sexu eraso bat egotzita atxilotu zuten iragan martxoan). Herritarrek lehenago ere egina zioten inhabilitazio eskaria EAJ-PSEren gobernuari, Garatek, baina, udalean jarraitzen du. Kareta eta musika instrumentuak lagun, No woman no cry ezaguna bertsionatu zuten «erasotzaileak hemendik kanpora» leloarekin eta haiek dantzan ari ziren bitartean, popularrak eta beste hainbat zinegotzik aretotik alde egin zuten bilkura bertan behera utzita. Ezer itxarotekoan, pankarta bat, txistuak, oihuak... esperoko zituzten eta horiexek baliatuko protestan ari zirenak salatzeko, ordea, performance hark eskemak apurtuko zizkien ziurrenik. Zeren eskemak apurtzea ez da masaileko bat eman dizunari zuk hanka-artean ostiko bat joaz erantzutea, ezpada kolpatu zaituenari zuk eta zure lagun koadrilak, denok batera, mihia ateratzea, adibidez; ez da betiko joko-arauen barruan ibiltzeko taktika berriak asmatzea, horietatik kanpo aritzea baizik. Eskemak apurtzea arauak eurak (eta indar banaketa) aldaraztea da; zoritxarrez edo zorionez, bortxaz jokatzera ohituta dagoenak ez baitaki horixe besterik kudeatzen eta erabat desarmatuta geratzen baita, aretotik irteten baita, sormenarekin topo egiten duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.