Evrytik Montparnasserako trenean konturatu naiz ez dudala zinez nehoiz ebaki Parise eta hango sasi-hiri zenbaitekin lotzen ninduen zilbor-heste intimoa. Asteartean Karimekin Evryko piramideak bisitatu ondoren RER D-an jendeei begira nengoen, amoltsuki, der himmel über Berlin filman Damiel aingerua jostatzen duen Bruno Ganz aktorearen antzera. Kolore eta soinu anitzetako mundua zetzan egunkariak irakurtzen—Guardiolaren Barçak Arsenal garraitu zuela ikasi nuen horrela— musika entzuten edo soilik Juvisy eta Vigneux arteko romen txabolerria bidegabekoa dela pentsatzen.
Akidura, bazterketa, langabezia eta bortizkeria garrazki pairatzen dute, baina telebistetan buklean erakusten digutena gezurreztatzen digute lizeoetan poesiaz hitzegiteko gurutzatu gazte abilek, garraio publikoetako kaiertzetan biderkatzen diren Rihana ugariek eta eskailera mekanikoak jaistean bizarra ferekatzen dabiltzan imangaiek. Maite zaitut brother oihukatuz bereizten dira gizonak, Marguerite Durasen nobeletan bezala, eta o sister elkar ezagutu berri duten emakumeek musuak ezpainetan trukatzen dituzte. Anartean eskuin muturraren segitzaileek herritarrak estigmatizatzen darraite.
Ederra da mundua erreala.
Bira
Evrywhere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu