Bazen lehen emazte bat, Oragarreko Kaskileta auzoan, sukaldeko errautsak tapiz azpira erraztatzen zituena, bisitariek ez ikusteko gisa. Iruditzen zait Europako eta AEBetako buruzagiek gauza bera egiten dutela, klandestinoki eta bizia arriskuan emanez etortzen zaizkien immigranteekin. Herriak hautatzen dituzte planeta honetan zehar, beren mugetatik espultsatzen dituzten gizakiak ahalik urrunen konfinatzeko... diru ozen eta kliskari trukean, alabaina!
Trumpek Guatemalan aurkitu du kartzela deslokalizatua, bere migra-poliziak harrapatzen dituen hiritar hispanikoentzat. Ingalaterrak Ruanda hartu du helburu. Frantziak, aldiz, garai batean, indesirableak Albaniara igorri nahi zituen; halaber miresmena sortzen duen Italia meloniarrak. Herbehereetako arduradunek akordioa izenpetu berri dute Ugandarekin, asilo eskubidea lortzen ez dutenak urrutiratzeko. Adibideak asko dira. Segur da datozen hauteskundeetako gai minbera datekeela migrazioena, jakinik geldiezina dela, humanitatearen osatzeko molderik zaharrena delako. Itzulpenarekin batera.