Ezohiko bazkariak mahaiaren inguruan bildu ditu, aspaldiko partez, familiako bost kideak. Batetik, ama nostalgikoa, oilo saldari eta urdaiazpiko kroketei iragan idealizatura bidaiatzeko dohainak ikusten dizkielako, aldiko dozena bat tripazaku limurtzeko adina janari prestatu ohi duena. Bestetik, aita ozpindua, futbola ez den orori entzungor eginez bizi dena. Azkenik, alaba gutxietsia, berriro ez itzultzeko promesa eginik alde egin zuen arren, ate handitik loriatsu sartzea lortu arteko bakerik izango ez duena; seme handiustea, umorea eta ahoberokeriak bat eta bera direla uste duena; eta hirugarren oinordea, bizi planteamendua modako jaka bezain erraz aldatzen duena.
Txikitandik egokitutako tokian jarririk, nork bere rola jokatuko du otorduak irauten duen bitartean. Pertsonaia bilakatuko dira bostak, norbere buruaren itxurara moldatutako aktore, edo noizbait izan zirenaren karikatura. Eta esaten denari baino gehiago, isilean gordetzen denari jarriko diote arreta, nahita ala gogoz kontra, batek daki. Bukatzean, presaren aitzakia aterata, etorri bezala egingo dute ospa: besteari onik bilatzen saiatu gabe, nor bere kolkorako marmarka. Sarritan, horixe besterik ez delako familia, transparentziari inolako baliorik ematen ez dion lehen instituzioa.
BIRA
Familia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu