Itxaro Borda

Fargo

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez naiz, aste honetan bezain, sekula Fargotik hain hurbil egon. Imajina dezaket odolez tatxaturiko elur geruza gotorra, eta hortik ez urrun, Lorne Malvo malefikoaren itzal biblikoa. Hunkitzen nau beti, kartaren batean, Fargo izena deplauki etzana ikusteak, Coen anaien filmarekin eta ondotik jinen ziren telesailekin biberoiatua edo hazia izan naizelako!

Gauez heltzen gara hirietara: hegazkinetako leihoetatik, gure oinetan, su-lerroz kuadrilatu eremuak zehazten ditugu. Goratasun etereo horretatik ez da sumatzen ahal, Quebecen halaber, jendea gaizki bizi dela. Hemen, neguan, herritarrek hautatu behar omen dute heat or eat artean. Eta gainera beldur dira AAk lanpostu arruntenak banpirizatuko dizkietela. Asezina da neokapitalismoaren harra...

Odei Barroso raperoaren konpainian egin dut bidaia transatlantiko hau. Egunerokoan Maubec karrikan zehar gabiltza Wally non dagoen galdezka. Debaldetan. Gaurdanik badakigu, hanburgesa urintsu bana klikatu ondoren, Wally hortik dabilela, Fargo aldean hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.