Sevillako jarraitzaileek Sadarren eskegitako pankartaz ari ginen lagun batek oraintsu gertatua kontatu zigunean: bere semearen futbitoko entrenatzailea Ruben Castroren kamisetarekin agertu zen partida batera. Gure lagunak listua irentsi eta diplomaziaz azaldu zion: «aizu, barkatu, ez dakit badakizun, baina Ruben Castro neskalagunari tratu txarrak emateagatik auzipetuta dago. Kamiseta horrekin genero indarkeriaren apologia egiten ari zara eta ume hauen erreferentea zarenez, arduraz jokatzeko eta berriz ez janzteko exijitzen dizugu...». Zer gertatu zen? Bada, morroia harrotu egin zela eta ondorengo astean, entrenamendura ez eze, eskolara bere haurrak jasotzera ere elastiko harexekin joan zela.
Zerbaitek huts egin zuen lagunaren mezuan, agian zer esan ondo pentsatu zuelako eta ez hainbeste nori ziotson (aldean zer zeraman soberan zekien gizon probokatzaileari). Agian esan izan balio «aizu, Ruben Castro maltratadore bat da eta kamiseta horrekin andrazkoen kontrako biolentziaren propaganda egiten ari zara. Mutiko hauetakoren batek zure alabari ipurdia uki diezaiokeela ondorioztatuko balu, zer? Ez berriro umeengana horrela agertu, salatu egingo zaitugu bestela».
Zerbaitek huts egiten du indarkeria matxistaren kontrako diskurtsoan; konbentzitzeke daudenentzako baino, jada konbentzituta daudenentzako moduan komunikatzen dugulako agian?

BIRA
Galdera bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu