Zarama taldeak kantatzen zituen Gasteizko gauez elikatu zaleetatik naizen arren, maite ditut Gasteizko goizak. Dato hotelean iratzartzen naiz, itzuli bat egiten dut Txillidak eta Gantxegik diseinatu Foru plaza harrigarrira eta Bertiz bezalako ostatu modernoetan sartzen naiz gosaltzeko: ez al da ederra bizitza? Eiki eta baiki. Hiriburu berdeak zoratzen nau, iruditzen zaidalako, edozein izanik, guztiok badugula bertan errotzeko ahalmen poetikoa. Gogoeta baikor hauen zurrunbiloan urtzen ari nintzen, mutur pean tea ketan, tabernako atetik adineko gizon bat zuzenki, hainbaten artean preseski nigana hurbiltzen ikusi nuenean, kafea har zezan ea bi euro banituenez galdezka. Mesfidati begiratu nion, jantziak eta lepoan musika entzuteko gailu karioak zeuzkalako. Hortzik gabeko irri batez eskertu ninduen moltsaren zokoan aurkitu bi euroak eman nizkiolarik. Barran gero karkailaz hautematen nuen, harro bezala, jukutria galanta egin zidalako... Nire bihotz beratasunak beste behin galdu ninduela nioen unean, niregana etorri zen berriz, eskertu ninduen, Miguel deitzen zela erran eta 0.35 zentimoko xehea utzi zidan esku ahurrean.

Gasteizko goizak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu