Munduko arduradun batzuek, herabeki egia erran, Gazan gertatzen ari den garbiketa etnikoa genozidio bat dela murmuratzen dute. Ez dira oraino ausartzen urrunago joatera, toki egokia bilakatua delako Gaza beren gerla-industriaren onerako. Ez dut izenik emanen. Eta gainera, ez dute Israelen kontra altxatu nahi, Doha bezala, haren hegazkin militarrek Paris edo Berlin bonbardatzen ahal lituzkeen beldurrez. Bizkitartean, Israel biktima gisa agertzen da, abandonu sentsazio horretan are ankerkeria gehiagoren arrazoiak aurkituz.
Baina Gaza gaztigatzeko orduan Trumpen abegia dauka Israelek. Netanyahuren basakeriak oro begi onez hartuko ditu amerikar presidenteak. Muturreko ekintzak hobesten ditu, krudelenak, ikusgarrienak, jendearen baitan halako siderazio sentimendu bat errotzeko modukoak. Gerla, betidanik espektakulua izan da, heroismo eta traizio artean. Damurik, herritar arruntek pagatzen dutelako buruzagien handinahitasun mediatiko hori, beren biziez, bai eta indar itsuaren aldarean demokrazia sakrifikatzea onartuz ere.