Asteon zimurtu dira sotana batzuk Nafarroako Erriberan. 20 urteko gazte batek, Ribaforadako parrokiara joan, Bibliari orri mordo bat erauzi eta hankapean erabili ei zituen. Fontellasera gero; kanpandorretik elizan sartu eta Ama Birjinaren gonei su eman. Atxilotu egin zuten, galdekatu, eta urruntze agindua ezarri. Egun pare batera, Ribaforadan berriz ere, 400 urteko harrizko gurutzea bota zuen elizako teilatutik eta San Bartolomeri lepoa moztu. Eginikoaz harro zegoela deklaratu ei zuen. Eta niri, aitortzen dut, irribarretxo gaizto bat irristatu irratian entzun nuenean.
Horrelakoetan ohikoak diren erreakzioak jarraian: artean etsaitzat zuten bizilagun (mutil normal bat zirudien eta to!), jada laguntzat ez duten kide (puto moro deitu didate ume-moko horren erruz) edota kazetari inprudenteenak (gizonak terrorismo islamistarekin loturaren bat duelakoa). Interesgarriagoa litzateke kazetariok argituko balute zeren arabera den pertsona bera ume-moko, mutil edo gizon ingurukoentzat; kontatuko balute artikulu bakarrean magrebtar zenbatetan idatzi duten; edo aztertuko balute zelako bizi-baldintzak dituzten etorkinentzako harrera zentroetan, adibidez, Ceutan (handixe iritsi baitzen Erriberara gazte hau) eta zer eragin duten nerabeengan. Gereziondoa hiru hilabeteko lehorteak adina kaltetu baitezake goiz bateko txingorrak.

BIRA
Gereziondoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu