Ekologiaren arloan gertatzen ari dira atzerapenik ikusgarrienak ideologia neoliberalaren garapenaren aldeko diskurtsoengatik, hiritarron konplizitate osoarekin gainera. Gure bizimoduetan, petralenak izan arren, ez dugu deusez aldatzeko den mendreneko gogorik. Prekauzioaren printzipioa bera bertan behera uztea proposatzen dute askok, eta Ossau-Irati gasna sor-markaren baldintzak arintzeko eztabaidatzen dabiltza, adibidez, elkartean bildu nekazariak. Naturarekiko ukamen sail horiei, giza eskubideen eta sozial arlokoak gehitu behar zaizkie.
Axular gureak zioen «gerotik gerora ibiltzean» galtzen dugula denbora. Eta hori da arriskua, bihar edo etzi egoera tragikoa bilakatuko dela Europako eta munduko hainbat tokitako herritarrentzat. Sistemak eta egitura ekonomikoak sinplifikatzeko aitzakian ematen dira kontrako urrats hauek oro, eskuinak, eskuin muturrak eta miliardunek ez dutela besterik eskatzen. Egia da, nori axola zaio pinpirinak eta erle salbaiak mehatxatuak izatea, nahiz eta polinizazioa eginez horiek diren gure elikatze katearen funtsezko begiak.
 
    