Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Gurpila

2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunerokotasuna erantzi eta armairuko zokorik ilunenean gordeko dugu. Hainbeste izerdi, makurtze, desosegu, asperdura eta itomenen ondoren, hemen, azkenean, oporrak. Aterako gara, behingoz, ohikoaren hesitik, eta bizipen berrien itsasoan murgilduko gara Atzean utziko ditugu etxea, auzoa, herria, ahal dela, herrialdea. Aldenduko gara, autoz, autokarabanaz, furgonetaz, ahal dela hegazkinez — «ez, ez, ahal dela itsasontziz, kruzeroan», ohartarazi dit lagun gaurkotuenak, kuadrillako trendsetter-ak-. Iritsiko gara amestutako lekura baino egoerara: ordurik ez jaikitzeko, ordurik ez derrigorrean hau edo bestea egiteko. Ahal dela, derrigorrezko egin beharrik ere ez, zerbitza gaitzatela. «Ni bai, neska, ni hotelera: umeak hango haurtzaindegian utzi, eta gosaldu bezain laster piszina ondoko hamakan etzatera». Ausartenak, berriz, ahal den esperientzia kitzikagarrienera: edo jainkoak bezala mendiak «egitera», edo esploratzaileetara jolastera, edo eremu hurbilean autozentsuratutako desirak askatzera — «eske Euskal Herrian ligatzea mirari bat da»—, edo... Bakoitzaren diru aukerak muga bakar. Eta pasako dira oporrak, di-da. Eta itzuliko gara eguneroko itomenera. Datorren urtean berriz ihesbidea eduki ahal izateko ahalik eta diru gehien irabaztera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.