Miren Amuriza.
BIRA

Harrapatu zaitut

2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ozeano Barearen hegoaldean omen lehorretik dagoenik eta punturik urrunena, Nemo (latinez «inor ez»), Jules Verneren nobeletako Nautilus ontziko kapitainaren izena daroana. 3.700 metroko sakoneran, eremu habitatu hurbilenetik 2.700 kilometrora dago (Nazioarteko Estazio Espaziala lurretik baino dezente urrunago). Apenas dagoen bizirik bertan; ozeanografoak luzaz aritu ziren ur abisaletako munstroren baten hotsak izan zitezkeenak ikertzen, ordea, izeberg baten krakadak zirela frogatu zuten azkenean.

Izaten dira egunak inor (alegia, zeu) izateko gogorik ez eta nork bere geografian Nemo puntuak bilatzen dituena. Ohean, koltxoiaren erdigunean; izara, manta eta kuxinen azpian hondoratzean. Dutxan, xaboi ponpa erraldoi baten barruan bazeunde lez, ura burutik behera erori ahala mundua entzuten ez duzunean. Autopistan, kilometro morturen batean zoazela, irteera eta helmugaren arteko ekidistantzian, bizitzari zer musika jarri hauta dezakezunean. Edo basoan, nahiz euria ari, arbola artean ateri dagoen soilgune hori topatzean.

Baina, lehentxoago edo gerotxoago, iratzargailuak beti jotzen du; beti amaitzen da ur beroa eta egiten isiltasuna kantatik kantarako lau segundo horietan, izebergaren krakadak entzuteko nahikoa. Beti eroriko zaizu euri tanta bat sudur puntara esanez bezala «harrapatu zaitut!». Eta orduan gordelekutik irten behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.