Miren Amuriza.
BIRA

Hau nirea da

2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo goizean ibiltari bat belartzan etzan zen, hantxe, lainoei begira. Eta pentsatu zuen zelan den posible, epaile batek, berak sorturiko pertsonaiak marrazten jarraitzea debekatu izana Mikel Urmenetari. Pentsatu zuen zer izango ote litzatekeen Askoa Etxebarrieta La Pulga bailaora flamenkoari, tabladuaren gainean zapateatzen lagako ez baliote; ole, egizu dantza, ole, baina takoiekin hotsik atera gabe. Pentsatu zuen Joxean Artzeren poemetatik «maite» ostuko balute zer gertatuko ote litzatekeen, «...eta nik txoria nuen ». Edo gehiago idazten utziko ez baliote, « ditut,, gure bazterrak...». Ibiltari hark pentsatu zuen zer izango ote litzatekeen Virginia Imaz clownari esango baliote, hemendik aurrera, ezin izango diola bere buruari barrerik egin. Pentsatu zuen zer ote litzatekeen Maite Mursegori berak asmatutako hitzak musikatzea, kantatzea, ulukatzea debekatuko baliote. Isiltasuna irudikatu zuen. Eta Oteizarekin akordatu zen.

Pentsatu zuen zer gertatuko ote zen Oteizari hutsuneak kendu izan balizkiote, esanaz munduko hutsune guztien gaineko eskubideak enpresa batenak zirela. Oteizak, orduan, hatz erakuslearen eta lodiaren puntak elkartuta, zirkulu bat osatuz erantzungo zien: «Ah, bai? Ba hau nirea da!». Gero atzamarrak askatuko zituen eta «Ikusten? Neuk sortua eta neuk desegina. Ezetz harrapatu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.