Homosexual jendea alde batera utzita, haurrik ez duten bikoteak genituzke, ziurren, izakirik susmagarrienak, ingurukoei ezinegona, adiskideei kezkazko jakin-mina eta bizilagunei sudurra luzatzeko aitzakia sortuko lieketenak. Edonon eta noiznahi eror liteke «nolatan ez duzue» kontu-hartze antologikoa, erantzun onargarri ia bakarra azalpen medikoa —alegia, ezina, «nahi genuke baina»— izan litekeelakoan.
Rankingean bigarren, oinordekorik nahi ez duten horien atzetik orpoz orpo, haurrik bai baina bakarra munduratzeko deliberoa hartu duten gurasoak genituzke, batik bat, jakina, amak. Halakoxe bati, hain zuzen, galdera indiskretua luzatu dio, jolas-parkean, konplizitatez atsegina izatea beste helbururik ez zuen emakumeak, zeinak, bide batez esanda, hiru neska-mutiko baititu: «Noizko bigarrena?».
Galdekatuak, asmo-usteak garbi adieraztearen aldeko militantea izaki, kito egitearen aldeko erabakia justifikatu dio ziraldoka aritu beharrean: amatasun irrikak asebete izana, lan munduan karrera egiteko premia, aisiaz gozatzeko gogoa…
Hiru aldiz ama denari latza egin zaio erantzuna, eta umerik nahi ez dutenei egotzi ohi zaien egoismoa ez ezik, krimena leporatu dio bere kolkorako: haur koitadua munduan «bakarrik» uztea. «Damutuko zaio», egin du apustu.
BIRA
Hautua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu