Onintza Enbeita
BIRA

Hildakoak

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur Bizkargira joango gara Muxikatik, Morgatik, Gorozikatik, Larrabetzutik edo Zornotzatik. Gure habitat naturala da Bizkargi. Gure memoria lurperatzen saiatu ziren lekua. Burdinazko Gerrikoa eta maite dugun mundu zatiari goitik begiratzeko aukera gordetzen ditu tontorrean. Gurasoen eskutik joan ginen lehen aldiz, eta orain geuk eramaten ditugu umeak. Leku fisikoa baino gehiago da; pisu sinboliko handia dauka. Han zabaldu genituen maite genituen hainbat gizon-emakumeren errautsak, eta, aldi berean, erraustu nahi ez dugun memoria ere han dago. Bizkargira joaten ziren grisak gure gurasoak jipoitzera eta hara etorri zitzaizkigun beltzak behinola «ezin duzue nahi duzuena egin» esatera.

Gauza asko lurperatu nahi izan dituzte Bizkargin, baina gaur bezalako egunetan berpiztu egiten dira. Kantatu egingo dugu gaur, dantzan, bertsotan...lurrari deitzeko modu partikularra garatu dugu urteetan. Deitzen diogu mendiari ez dugula ezer ahaztu esateko, eta berak, bere zokondoetan bota zituzten gudariak eta soldadu errepublikanoak itzultzen dizkigu. Eta orduan izen-abizen berriak batzen zaizkigu memoriara: akordatzen jarraitzeko arrazoi bat gehiago gehitzen dugu desobiratzen duten gorpu bakoitzeko. Haiengatik, gugatik eta izango direnengatik; gaur, Bizkargin izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.