Miren Amuriza.
BIRA

Ikusezin

2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Britainia Handiko zientzialari batek, John Pendryk, teorian objektuak ikusezin bilakatzea posible zela frogatu zuen 2006an eta ikerlari ugarik dihardute harrezkero hipotesiok zelan gauzatu aztertzen, besteak beste Nafarroako Unibertsitate Publikokoak. Esperimentuaren funtsa argiaren norabidea kontrolatzea omen; izpiak desbideratu egiten dituzte metamaterial jakin batzuk erabilita, hartara, argiak dena delako objektua zuzenenean jo beharrean, inguratu egiten du eta ikusezin bihurtzen da gure begientzat. Eta zer ote litzateke geu inorenentzat desagertzea? Izaten baitira mundutik oharkabean pasa gura izaten dugun egunak, haizea ganbara huts batetik bezala; izaten dira, halaber, ingurukoek ikus gaitzaten ahalegintzen garen uneak ere, begira nazatela teilatuko usoek ere.

Ume batek eskuekin aurpegia tapatu ei zuen behinola. Non dago gure txikia? Ez dut ikusten! Gogaitu zenean eskutxoak jaitsi eta irribarre egin zion amari. Ordea, hark, maltzurkeriaz, non dago gure txikia? Ez dut ikusten! Umeak hemen! Amak non? Ez zaitut ikusten! Harik eta haurrak ostiko bat eman zion arte; hemen! Eta amak zigortu, horrela ez da olgetan, aizu! Zientzian oraindik ikergai teorikoa dutena, praktika zaharra dela politikan, alegia: argiaren noranzkoa (gaur egun medioena) desbideratzea diskurtso hegemonikotik kanpo dagoen guztia ikusezin bilakatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.