Gure amama zenak kontatzen zidan gizon bat mendian gora abiatu zela egur karga lepoan hartuta, ilargi betea ikusi zuela eta gora eta gora bertaraino ailegatu; ordea, bueltarako bidea ezin asmatuta, han goian geratu behar izan zuela. Esaten zuen amamak ilargi betea dagoenetan hantxe ikusten dela gizonaren silueta egur karga lepoan daroala.
Astelehen honetarako iragarria zegoen super ilargia (horixe du izen zientifikoa); 1948az geroztik izan den ilbete handi eta argitsuena. Auzoko katuren bati teilatuan lekua egiteko eskatu beharko niola pentsatu nuen, bertatik ilargia sudur puntarekin ukitu edo behintzat usaindu ahalko genuelakoan. Egun pare bat lehenago, xehetasunen bila hasi eta esferaren diametroa %14 zabalagoa izan zitekeela irakurri nuen, %30 dirdiratsuagoa. Asko iritzi nion, izugarria zetorkigula, harik eta lerro batzuk beherago diferentzia igartzea zaila izango zela topatu nuen arte: besoa luzatuta atzamar txikiak duen zabaleraren erdia, horrexen bestean hazi ei zen satelitea herenegun.
Eta bat-batean super ilargia puxika baten antzean airea galtzen irudikatu arren, pentsatu nuen egur karga daroan gizonarentzat gure lainorik trinkoenak ere, bere piparen kea baino arinagoak izango direla; ez ote ginatekeen hobeto ibiliko «arazo» kategoria ematen diegun eguneroko erronkatxoak beso bateko distantzia hartuta neurtuko bagenitu.

BIRA
Ilargi usaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu