Onintza Enbeita.
BIRA

Inetazia

2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Txingorrak bereak egin ditu. Gurean, badenik sinisten ez dugun Jainkoari errezatzen ari gatzaizkio ez dadin etorri. Gure auzoko batek amore eman du: denean egin badu hemen ere egingo duela esan dit, eta baratzea husteari ekin dio. Badago guztiok erotu garela uste duen auzokide bat ere. Ez omen du ulertzen zergatik gauden beti eguraldiaren aurreikuspenari begira. Lehengo batean esan zidan egiten duena egiten duela, guretzat ez dela ona izango. Ez zitzaidan argi gelditu kazkabarraren beldur den edo ez, ala munduarekin haserre dagoen.

Inetazia ia inork nahi ez duen fenomeno meteorologikoa da. Kalte handiak eragiten ditu harri handiak botatzen dituenean, baina txikia ari duenean ez da hain erasokorra. Eta, hala ere, ez du estimatzen ia inork. Baserritarrak babazuzaren beldur dira, kaletarrentzat deserosoa da, aterki gabe moldatzen direnak kolpatu egiten ditu, mendian labaina da eta autoan goazenean arriskutsua. Hala ere, badu zerbait magikoa txingorrak. Aurreikusteko ez da erraza: atea jotzen ariko balitzaigu bezala etortzen da. Maitasun txar baten antza hartu diot askotan kazkabarrari: leihoan harriak sumatzen ditugu klin eta klan. Hurbiltzen gara zer suma eta ezin dizkiogu begiak kendu. Joaten denean kalteak errepasatzea gogorra izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.