Onintza Enbeita
BIRA

Inkoherentziak

2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Askotan pentsatzen dut guztiok garela inkoherenteak zerbaitetan. Ikusten dut neure burua, ikusten ditut maite ditudanak hainbat gauza aldarrikatzen, baina gero egunerokotasunean ez gara beti gogoratzen esaten dugunarekin. Kontsolatzeko beharra dudanean neure burua lasaitzen dut ahal dudana egiten dudala esanda. Neure akatsetatik ikusten dut mundua, eta besteei ere onartzen saiatzen naiz. Inguruan ditudanek kontrako kirola maite dute, ordea. Guztiek bilatzen dituzte besteen kontraesanak. Urlia ekologista da, baina etxeko berogailua gasolioarekin jarrita dauka. Sendiak belarjalea dela dio, baina egun batean, mendiko erromeria batean, besterik ezer ez zegoen leku batean, txorizoa jan zuen ogi hutsa jan beharrean. Berendia ezkertiarra da, baina ez du bere mediku soldata inorekin konpartitzen. Halakok esaten du harro dagoela bere gorputzarekin, baina orain dietan dago. Ez dakit nor feminista da, baina 80ko hamarkadako kanta matxista bat kantatzen ikusi nuen. Badakit nor abertzalea da, baina urtean behin loteria jokatzen du... Errazegi ikusten dugu besteengan urtean behin gertatzen dena, guregan egunero gertatzen dena baino.

Agian, kirola aldatu egin behar genuke, eta ustez koherenteak ez diren horiek guztiek ondo egiten dituzten gauzetatik ikasi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.