Gogotik aldatu dira gauzak: ezker abertzalearen estetikarekin jantzitako mutil gaztea eta kopetako ileak nekane gaitzetsien modura daramatzan neska dira sex symbol berriak Espainia aldean, eta, halaber, Bidasoaz hegorako Euskal Herrian. Ez hori bakarrik, algaraka barre egin du jendeak sutan diren kontainerren eta independentzia oihuka ertzainekin borrokan dabiltzan manifestarien pasadizoekin, eta, gainera, zinemako sarrera zintzo demonio ordainduta. Alegia, aurkitu diot, azkenean, zer onik Ocho apellidos vascos ditxosozkoari: erakutsi duela franko aldatu direla gauzak; funtsean, jendeak, minak gainditzeko eta beste era batera bizitzeko gogoa duela.
Tamalez, agintari eta politikari saldo bat ez dago hori sustatzearen alde. Eta horren erakusle dira, esaterako, diru eta botere liskar itsusi xamarra dela medio Espainian tiroka hil duten politikariaren inguruan antolatu duten gaitzespen liturgia eta iritzien jazarpena. Eta horren froga da, batik bat, gerrako logikarik ankerrenaz herri honen parte bat gupida gabe zigortzen jarraitzen dutela, herrikide izatea ukatu eta etsaira murriztuta. Galdetu, bestela, une honetan senidea edo laguna ikusteko astebururo bezala ehunka kilometrotako bidaia prestatzen ari den auzokideari. 25 urte betetzen ei ditu gaur sakabanaketak.
Bira
Iraganekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu