San Sebastian egunak Parisa eraman zuen Pamela Anderson —Malibuko soroslearen trapu gorria erantzi, eta Brigitte Bardoten antzean, animalien eskubideen aldeko ekintzaile sutsu bilakatu zen aktore hura bera—, eta Laurence Abeille diputatu berdearen eskutik, foie gras-etarako ahate-antzarak galkatzearen aurka jo zuen gogor Asanblea Nazionalean, jana lehertu arte zintzurreratzeko ohitura hain frantsesaren kontra alegia, tratu txarrok debekatuko lituzkeen lege proposamenaren aurrerapen gisa. Latza izan zen danborrada.
Gutxik aitortu zioten arrazoia, eta are gutxiagok barkatu ausardia, hegaztien gripea sektorearen amiltzea eta galera ekonomiko larriak eragiten ari den aitzakian. Andersonek epelak hartu zituen, beraz, zaflako galantak ezkerretik nahiz eskuinetik, baita ekologisten artetik ere, baina nabarmentzen hasita, Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioen aldeko elkartearen kritika genuke aipagarriena, «silikonaz puztutako oilanda, artoz gizendutako antzara baino nahiago izatea» leporatu baitio Abeille andereari. Madrilgo diputatu rasta «zikin zorritsuarena», gaitz erdi kasik.
Aldatzen ari da politikagintza. Arrunkeria totala, iraina eta misoginia merke saltzen duen Reality showaren antza du aspaldi honetan. Baten bat poztuko da.
BIRA
Irainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu