Oihanak setia eta gartzelatu ote daitezke? Igande goiz honetako nire galdera da. Irati gaineko elurrak urtzera doaz. Pagoen larru zilarrak distira dabiltza udaberriko eguzki ahularekin. Laster Okabeko harrespiletarik ibiliko gara, iraganetik etorkizuneraino xendran egokitzen zaigun orainaldiaren geltokiaz gogoetari. Urte oroz Larrun, Iparla, Okabe eta Ehüjarre oinezkatzea, Nadal edo Federerentzat nazioarteko tenis lehiaketako lau txapelketa nagusiak irabaztea bezain loriosagoa zait.
Milisiverts ugari dago airean. Euskal Herri barnealdean pobreziaren gosea areagotzen da Garaziko resto du coeur delakoek azpimarratzen duten eran. Jendeen arteko fedebidezko berdintasun axolagabea lantzeko ordez gobernuek bizidunak bata bestearen aurka altxarazten dituzte hauteskundeak eraman asmoz. Sarenautek anonimotasunaren gerizan zer nahi idazten dute, haserrea aholkulari txarra dela ahantziz. Berriak herrokatzen dira alaina munduaz dugun irudia goibelduz.
Hargatik Iratiko oihanera zuzentzeko bidea hartzen dugunean susmatzen dugu zuhaitzak, sinesteak, txoriak, lurrak, izateak, hizkuntzak ez direla gartzelatzen ahal, gure egunerokotasun mugatu zein mutilatu hauek baino haratago hedatzen direlako.
Bira
Irati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu