Igande goizean Angeluko Barrako skate parkean dugu hitz ordua. Hamarrak eta erditan abiatuko da Itsas Laminen Korrika, azkorri zilarreko eguzki pean segur aski. Itsaso sakonak garela konturatuko gara, bertan bilduriko emazte lasterkari guztiak, baina aldion ez denboraren zein lanaren atzetik. Behingoz. Angeluko Kimua ikastolak antolatzen du, Seaskako integrazio batzordearen alde.
Sukaldeetarik edo bulego tepoetarik ateratzeak on egiten duela ezin uka. Neuronak aireztatzen ditu, birikak, soinak, pentsamendua urratsaren neurrian garatzen eta hegaldatzen dela. Txapeldunak aitzinean lehiatzen direla, gibelean gaudenek uhinen hauste borobila miretsi dezakegu eta ekiak izerdi ttanttak nola lehortzen dituen nabaritu, sekula apaltzen ez dugun kopetan behera. Plazer hutsa da. Plazera da hutsa... ad libitum.
Gero eta lasterketa gehiago iragartzen da emakumeontzat. Angelukoaren ondotik, apirila hasieran Azkaineko Neska Korrikan parte hartzeko aukera eskaintzen zaigu. Larrun mazelako oihan bide zidorretan gora, orduan, bizitza bera higatzen bezain atseginez betetzen gaituen aldapa lakarra dela baimentzeko astia daukagu.
Zanpa-zanpa, bururaino.
Bira
Itsas laminak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu