Ez dugu ukatuko planeta honetako herrialde aberatsenetako herritarrak halako logika morbido batean biribilka gabiltzala, klima aldaketaren gaiari dagokionez bederen. Zientifikoek aspaldi iragarri dituzte, gaur egun, han eta hemen, agitzen diren aldaketa horren zantzuen sintoma biderkatuak: uholdeak, glaziar luiziak, suteak, idorteak edo tanta hotzak, besteak beste... Humanitatearen destinoaren gainean ondorio latzak dituzte guziek, goseteak, migrazioak edo gerla ankerrak sustatuz. Zerrenda infinitua.
Negazionistek indarra hartu dute denetan. Zientifikoen diskurtsoak balio gabetzen ari dira informazio jarraikiko telebista kateak, auto puxanten eta janari zaborraren aldeko bi publizitateren artetik. Boterera heltzen direnean, trantsizioa urriki segurtatzeko neurriak ezeztatzen dizkigute! Erran behar da hiritarron konplizitatearekin doazela ukamen bide horretan aurrera: itsasoa irakiten ikusiko bagenu ere deus ez dela gertatzen berretsiko genuke oraino, zaila baita ohiturak kanbiatzea, zerbait egin daitekeela sinestea, egoerak diren bezala haztatzeko kuraia gure baitan aurkitzea...