Miren Amuriza.
BIRA

Izan Invictus

2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan zen asteazken gauean, ETB 1eko Izan Invictus (garaiezina) realityan. Oztopo lasterketa baten azken minutuak. Neska bat arrastaka, bere taldeko mutil bi laguntzen (bultzaka eta oihuka) dauzkala. Horietako batek besotik heltzen dio eta kexatu egiten da, «min egiten didazu». Handik laster negarrez agertzen da, eskuak zaurituak dituela eta ezin duela jarraitu esanez. Mutil biak txilioka, beren onetik erabat irtenda. Lasterketa galtzen dute eta «jarrera pasiboa» eduki izana aurpegiratzen diote gazteari; «ez dakizu sufritzen» diotso kide batek. Gimnasio batean agertzen dira gero, medikuarenean egon dela eta lotailu-haustura duela kontatzen die neskak. Entrenatzaileak erantzun: «aldatu aurpegi hori, hemen ez gaude lagunak egiteko», protokolozko «animo» lehor bat ondoren. Amaiera: neska negar zotinka, «gaizki nago eta gezurretan ari naizela uste dute, gainera».

Egia da ez dudala atal bakarraren zatitxo bat besterik ikusi, baina nago programaren planteamendua bera izango dela zalantzan jartzeko modukoa eta lehiakideena baino, kameren atzeko profesionalena dela ardura. Balio eta jarrera arbuiagarriak esplikatu nahi dituzten entrenatzaile eta irakasleentzat, material paregabea ETBk emititzen duena. Gainerakoan, lotsagarria eta arriskutsua. Invictus izateko biolentoa izan behar baldin bada, zer gura duzue, ba, esatea? Eskerrak ahulak, garaigarriak, garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.