Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Jainkoak

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herenegun baino jainkoago gara gaur giza jendea. Higgs eta bosoi, igogailuko elkarrizketetako oinarrizko partikula bihurtu ditugu, eta denok egin dugu ahaleginen bat mendeko aurkikuntza ei den horren esanahia irudikatzeko. Hara nik atera dudan ondorioa:unibertsoaren gatzagia da Higgsen bosoia, gainerakoan, izpiritu huts litzatekeena mamitzen duen osagaia —bai, badakit gastronomiaren eta parapsikologiaren ertzetan nabilela, baina nire burmuinak ez du besterako ematen—. Nolanahi ere, ulertu dugu guztiok oinarrizko mezua: giza jendea gai garela unibertsoa hasi eta buka esplikatzeko, den guztiari azalpena emateko; Jainkoa(k) gero eta lurperatuago dau(z)kagula —ez diogu alferrik esan partikula Jainkoa edo Jainkoaren partikula Higgsen horri—.

Aspaldi aldarrikatu zuen Nietzchek Jainkoa hil zela; irakurri berri diot Ernesto Cardenal poeta eta Askapen Teologiako pentsalariari Jainkoak aspaldi utzi ziola jainko izateari. Ez dira albiste txarrak, horixe irudikatu baikenuen tiranietatik askatzeko lehen urrats. Baina hil dugu Jainkoa eta gutako bakoitza aldarrikatu gara jainko: sinetsi dugu dena azaltzeko ez ezik dena menpean hartzeko gai garela; are, dena zor zaigula. Zipitzik ez ulertu arren txaloka hartu dugu Higgsen bosoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.