UNOk ez du oraino erabaki libiar oldartuak nola lagundu. Gaddafitarrek atxikitzen dituzte. Think tank ugarietan ikerlari abilak aurkitzen diren arren, ez dakite arabiar herrialdeetan gertatuaren baliostatzen. Jasminaren zein dalhia beltzaren usainak ez dizkiete izpirituak kilikatzen. Maghreb eta Makrech eskualdeak Sarkozyk goraipatzen zuen zibilizazioaren etsai geldo gisa kontsideratuz ihardun dute urte luzeetan. Bidenabar, europarren koldarkeriaren aurka, Tunisiar eta Egiptoarrek libiar herritarrak zelan hartzen dituzten azpimarratzekoa da.
Ezjakintzak eta diru-falangak —ignorançia eta qupiditatea lerrake Tartasek— haiatzen ditu europako politikarien urratsak. Irratietan entzuten denez, frantses lehendakariaren damuetarik bat ez da Bengaziko bizidunen gerizatzeko ezintasuna, baizik eta Gaddafiri zentrala nuklearrik saldu ahal ez izana. Hari mehar morbidoaren mihian dantzari dabiltzala argi dago.
Hargatik jasminaren usainetik hiru ondorio isurtzen dira: petrolio merkearen eta neokolonialismoaren garaiak bukatuak direla halaber buruzagiei munduaren antolaketa berri baten pentsatzeko ordua datorkiela. Merkatu totalitario horietan jendeak ere badirela ez dezaten ahantzi. Nehoiz.
Bira
Jasmin usaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu