Ohituta beharko nuke, egun ez baita inor mendira joaten edo gailurretara igotzen, baina, hala ere, norbaitek Aizkorri, Perdido edo Annapurna egin duela entzuten dudan bakoitzean aztoratu egiten naiz. Izan ere, jaungoiko katolikoaren eta mari zein basajaun paganoen arteko nahasketa bat etortzen zait begien aurrera: itzelezko izaki bat, urrezko adats eta bizar zurikoa, esku erraldoiekin lurra oratzen, mendi bat osatzeko.
«Metaforak eguneroko bizitza blaitzen du; ez soilik hizkuntza, baita pentsamendua eta ekintza ere. Pentsamenduaren eta jokaeraren gidari dugun kontzeptu sistema arrunta, funtsean, metaforikoa da», diote Metaphors We Live by liburu ezagunean George Lakoff hizkuntzalariak eta Mark Johnson filosofoak. Eta proposamen hori ontzat joz gero, ez da zaila mendian ibiltzetik, mendiak igotzera, eta, azkenik, mendiak egitera iritsi den giza-aberearen autoikuspegia ulertzea: guztiaren erdigune sentitzen den eta guztia menera behar duen jainko bat. Argigarria metafora.
Hain justu, metaforei diedan fedeagatik gustatu zait hainbeste Gure Esku Dago ekimenaren hurrengo mobilizazioaren oinarria hautetsontziak jostea izatea: hautetsontziak josiz burujabetza ehuntzea. Agidanez, ahaztu zaizkigu garai bateko nazio eraikuntzak. Alde ederrekoa da inondik jostearen ekintza apal eta horizontala.
BIRA
Josi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu