Ikusmin handia sortu du egunotan EuskalMoji aplikazioak, berehalako mezularitzan eta sare sozialetan baliatzeko ikur eta espresio sortak: futbol taldeen elastikoak, taloa eta txorizoa, lauburua, Marijaia, dantzariak, aiba la ostia, kaben zotz... Nik neuk ez nituzke erabiliko («Vaya Semanita», Bilboko Santo Tomasetako feria eta postuetako BBK, BBK, BBK-ren errotuluak gogorarazten dizkidatelako, akaso?). Aldiz bidali izan ditut Telegrameko eusticker-ak: Porrotx eta Maria Luisa; Lujanbio, Colina eta Enbeita; Korta eta Irujo; Otegi, Iriarte eta Ortuzar... Gustu (ideologia) kontua.
Kafe bat hartzeko proposamena Maria Luisaren satisfakzio aurpegia erantsita onartzeak, niretzako behintzat, badu bere grazia. Baliteke, ordea, EuskalMojiren erabiltzaile askok Goenkale jarraitu ez izana eta haiei, irudi berberak, ezer ere ez iradokitzea. Uxoa Anduagak Jakin-en ekaineko alean azaldu zuen lez, umorea ez baita espontaneoa, kultura nazional baten emaitza baizik. Haren hitzetan, euskal nazioak, estaturik gabea denez, espainiar eta frantziar estatuen kultura nazionalen eragina jaso du eta ez dauka umore sen estandarrik, nazio diskurtso koherente bat ez daukan bezala.
Iraganera begiratu eta negar egiteko motiboak ez konpartitzea, problema handia da. Gatazka. Eta ez da, txikiagoa izango, beharbada, aurrera begira jarri eta barre egiteko elkargunerik aurkitu ezin izatea.

BIRA
Kaben zotz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu