Onintza Enbeita
BIRA

Kargu hartzea

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dira gauza bera kargu hartzea eta kargua hartzea. Gaur, alkate eta zinegotziek kargua hartuko dute. Karguak emango dizkie zenbait pribilegio, baina batez ere ardura: herria hobetzeko ardura. Eta herria hobetzea ez da bakarrik erreka bazterreko pasealekuan farolak jartzea. Herria hobetzea da kultur programazio koherentea eta duina egitea. Eta herria hobetzea da edozein desberdintasun funtzional duen edozein pertsonarentzat ere erosoa izatea herri hori. Eta herria hobetzea da zaintzarako sareak osatzea, eta herria hobetzea da eskola txukun bat izatea edo jendea elkartzeko guneak sortzea. Herria hobetzea da bertan bizi direnen kezkak entzun eta jasotzea, nahiz eta guztientzat erantzunik ez izan. Adibide asko daude herria hobetzeko, eta lelo batekin edo bestearekin horixe egin ziguten zin gaur kargua hartuko dutenek.

Eta guri dagokigu kargurik izan ez eta, hala ere, alkate eta zinegotziei kargu hartzea: ea esan digutena betetzen ari diren, ea paperean jarri zutena errealitatean egiten ari diren. Ahalegintzen ari direla ikusi behintzat! Hauteskunde zerrendetan joan zirenei dagokie kargua hartzea, eta besteoi, haien lanari kargu hartzea. Hutsuneetatik borondate oneko kritikak eginez herri hobea egitea errazagoa da: kargudunek eta kargu hartzaileek batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.