Bero handia egiten du. Handiegia gauza onerako. Gero eta ohikoagoa izango omen da udaberrian halako beroa egitea. Hala entzun dut, baina lehenagotik ere jakin bagenekien hau gertatuko zela. Ez dugu ezer egin gerta ez dadin, ordea. Azkenean, zientzialarien alarma aurpegiak lortu ez duena gure erosotasunak lortu du: ezin dugu beroa jasan; beraz, zerbait egin nahi dugu klima aldaketa gelditzeko, nahiz eta ez dakigun zehatz zer. Berandu espabilatu gara honetan ere. Gerta daitekeena sinetsi dugunerako, gerta zitekeena gertatzen ari da. Esaten ziguten erregai fosilak finituak zirela ere, baina litroak euro biko prezioa gainditu duenera arte, ez dugu ezer egin. Eutsi. Bete tankea eta zapaldu azeleragailua! Hurrengo kotxea elektrikoa erosi eta kito.
Gure aitona-amonek entzungo bagintuzte barre egingo lukete, baina gaur egun horiek dira protestarako arrazoiak: beroa eta gasolinaren prezioa. Hau da: nire erosotasuna eta kartera ez itzazue ukitu, beste guztiak niri bost. Edo sei, pentsatzen dut askotan: bost edo sei belarri-eskinako merezi dituzte askok. Neuk ere bai agian. Inozoa behar du espezie batek erosotasuna galtzearen beldurrez bere burua hiltzeko. Eta gu bizirik mantentzen gaituzten gauza guztien kontra ari gara, edo aritu izan gara behintzat.
BIRA
Kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu