Euskaldunok jende arraroak gara. Ez dugu konfiantzarik gugan, are gutxiago gure hizkuntzan. Badugu beti zerbait errateko inguratzen gaituzten bizidunei eta ez dakigu jendea eskertzen, konplimenduak laidoak balira bezala. Ezerk ez digu satisfaziorik ematen, non ez den Rolling Stonesen izen bereko kantorea entzuteak. Uda hurbiltzean, halatan, arazo bat daukagu, lexikala, eta batzuetan, larriagoa dena, gramatikala.
Gure buruak, bidea eginez ibiltari bihurtzen diren pertsona gisa irudikatzen ditugu, herritik ateratzen garenean. Gu bezain herritar direnengana goaz, nola bizi diren ikastera, baina Calpen edo Capbretonen bukatzen dugu katiminian, larrua arraiki beltzatzen. Ez dugu deus ikustekorik, hapatakaz, hamikatuak eta arrapaladan iparretik datorkigun turista masa zurbil kontsumista horrekin, ez horixe, gu bestelakoak gara, kontzientziatuak. Alaina.
Uda honetan, egun oroz, Lehengo Hazparne ekitaldiaren afixa dakusat: zergatik Lehengo Hazparne harrapa-zozo turistikotzat daukagu eta berdin antolatua den Aintzinako Lekeitio adibidez, kultura ekitalditzat? Galde horrek gure baitako kordokaren estigma dakar.