Bira

Korrika 17

Itxaro Borda
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gose taldearen musikak neurkatuko ditu beraz gure urratsak aurten pausoz pauso gelditu barik euskalakari... aupa trikia eta aupa buruak adina arin dabilzkigun oinak. Trebinotik abiatu da ostegun arratsean eta igande honetan Zintronikon zein Tuteran lasterka ariko direnak agurtzen ditut bihotz bihotzetik, hemendik beretik. Euskara amets dutelako haiek ere.

Saratik sartuko da Korrika bihar iparraldean. Ohikoan bezala besta bozkariotsuak antolatuko dira, gauetik egunera zeharkatuko diren herri eta hirietan. Hinterland desolatuetan alabaina Axular, Piarres Adame, Marijan Minaberri ala Manex Erdozaintzi-Etxart harro azaldu daitezke hondarrean, behialako lur agorretan erein zituzten hazi mutzutuek goseak asetzeko uzta ematen dutelako gaurkoan. Sarraski mutuetan gantza osagarria heda dezakeen izaki bakarrak bihurtuko gara asteon.

Eta Baionan eginen dugu korrika ilun pean, hatsa sakon hartuz, milaka kideen erdian. Eguneroko kalaka balde bezain debaldeak soinuz eta izerdiz jantziko zaizkigu, haur sortu berritik norabidea ahantzi dezakeen zahar alzeimerduneraino. Biharamoneko giharrietako minak ikerketa sozio-linguistikoen zauriak ezabatuko dizkigu alaina.

Zorion hutsa date.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.