Lagun baten etxean izan naiz asteburuan. Momentu on eta txar askotan ondoan izan dudan lagun baten etxean. Bazkaldu genuen, eta kontuak nahikoa esan ondoren, komunera altxatu nintzen. Pasiloan noala, Gabonetako zuhaitza jarrita zeukala konturatu nintzen. Pasilotik sukaldera egin nion zarata: «Hau arbola hau be kendu egin beharko da ba!». Itzuli nintzen eskaratzera, eta barreka zegoen oraindik: «Argiak amatatu dizkiogu eta dagoenik ere ez dugu igartzen!». Berbetan jarraitu genuen, eta joateko orduan, berriro pasilora atera behar. Lagunaren senarrari esan nion orduan: «Hori arbola hori kendu beharko dozue ba holako baten!». Hark ere barre egin zidan: «Pentsatzen nago berokientzako esekitoki moduan erabiltzea hurrengo Gabonetara arte. Hartara, txamarrak gainetik kentzen dizkiogunean, zuhaitza jarrita egongo da».
Eta argi gelditu zitzaidan ez dutela minutu bat ere galduko zuhaitzagatik ernegatzen. Ez duelako merezi. Ez daukate presarik: nahi badute kenduko dute, eta bestela ez. Badira gauzak merezi duten baino arreta gehiago jarri behar ez zaienak, eta haiek ere badituzte Gabonetako zuhaitza baino buruko min handiagoak. Etxerako bidean, kotxean neu bakarrik zuhaitzari barreka nentorrela, ohartu nintzen zergatik maite dudan hainbeste lagun hori.

BIRA
Lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu