Gamonalko suzko barrikadetan iraultzaren ernamuinak ikusi zituztela-eta etxafuegoka ibili ziren zenbaitzuk asaldatuta sumatu ditut astelehenean Bilbon txikitutako beirateekin; haserre Zarako enplegatuek eta kafetegien nagusiek pasatako tratuarekin.
Bizkor erantzun diete beste batzuk: horien momentuko estutasuna baino askoz ere larriagoa dela astelehenean Bilbon batzartutako botereek milioika laguni ezarritako ezin bizia: direla desjabetzeak, direla enplegatze baldintza esklabotzaileak...; hau da, bizimoduari inposatutako murrizketak direla egiazko indarkeria.
Eta horien artean badira hainbat troikaren kontrako bortizkeria ulertu ez ezik justifikatu dutenak, baina edukiontzi bat erretzea, ekintza bera, izugarrikeria gaitzetsi beharrekoa irudituko litzaiekeenak presoentzako gutxieneko eskubideak eskatzeko egingo balitz. Edo badira ia atzo arte zinegotzi bat hiltzen zutenean gatazkaren ondorio zela esatera mugatu, baina astelehenekoa arbuiatu dutenak. Eta txikizio guztien kontra egon baina moroen aurka polizia gehiago eta zaindari armatuen tropak eskatzen dituztenak; edo ipurdikoak haurrentzat.
Alegia, indarkeria datorren lekutik datorrela onartezina dela dioen leloa horixe dela: lelo bat. Eta indarkeriarekin zer egin dela esku artean dugun eztabaida premiatsu eta zailenetako bat.

Bira
Leloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu