Onintza Enbeita.
BIRA

Lerro zuzena

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ezin omen da lerro zuzenik marraztu superfizie irregular batean. Galdetu bestela Ruper Ordorikari. Eta bizitza, lagunok, superfizie irregularra da. Oso irregularra. Hain irregularra ze iragana itzuli egiten baitzaigu etengabe: behin ohera eraman eta ustez betirako desagertu zen maitale hura, institutuan gure gelan egon zen neska hura, gure lehenengo bikotea... Atzo hor egon zen guztia itzul daiteke bihar. Ez baita erraza bizitza paraleloak egitea trabaz betetako azalera honetan. Eta antzera gertatzen da gauza politikoetan ere. Gainditu genuela uste dugun guztia itzuli egiten da. Ez dakit zergatik, baina bizitza deitzen diogun superfizie irregular honetan zail dago klariona beti aurrera eramatea: krisia egon delako, gizonak izutu direlako, hegemoniak dantzan daudelako, mundua mundu delako, gizakia ulertzeko amaren umerik ez dagoelako edo destinoa idatzita dagoelako, baina iragana itzuli egiten da. Feminismoak irabazitako lurrak erretzera itzuli da faxismoa, euskararen erabilera inposatuaren diskurtsoa eraiki da orain dela ehun urtera itzultzeko, urrundik ekarritako produktu ekologikoen moda sortu da bertokoa gutxiesten jarraitzeko... Edo superfiziea zapaltzen dugu leundu arte, edo onartu egiten dugu ezingo dugula inoiz, inola, ezeren aurrean guardia bajatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.