Onintza Enbeita
BIRA

Madril eta Paris

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Guretzat jatorra da Madrilek hura edo beste egin digula esatea. Beste euskaldun batzuek Parisek halako edo bestelako legea onartu duela azaltzen dute. Gure senide eta inguruko askok ez dute Madrilera ezertara joan nahi. Inoiz eraman egin zituztenez, orain ez dute asmorik haienborondatez joateko. Ilobekin Parisen ateratako argazki bat telefonoko pantailatik kentzeko esan zidan behin lagun bertsolari batek: «Onintza, mesedez! Zer egiten du Parisek zure telefonoaren pantailan?». Ulertzen dut guretzat azpiratu gaituzten estatuetako hiriburuak direla gure pairamenaren ikur, baina Madrilgo lagun batek beti esaten dit bera ere badela Madril.

Arrazoi du. Gobernuez eta agintariez ari garenean zehazteko esaten du: Espainiar edo Frantziar estatua, presidentea, Kongresua... Askotan esan dit beretzat ere zapaltzailea dela guk Madril deitzen diogun sistema politikoa. Bere gainetik ere pasatu direla hainbat lege eta erabaki. Eta, aldi berean, guk Madril esaten dugunean mindu egiten dela kontatzen dit. Beretzat Madril erresistentzia ere badelako: bere eguneroko borroka gure antzerako arrazoien alde eta kontra. Alegia, Paris eta Madril ez liratekeela hiri bi baino izango, Frantziar eta Espainiar estatuek beste hiriburu batzuk aukeratu izan balituzte. Sinboloak sinbolo dira, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.