Miren Amuriza.
BIRA

Mare Mostrum

2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sardinak saldoan ibiltzen dira, ehunka, milaka arraineko taldeetan. Norabide berean eta mugimendu sinkronizatuekin egiten dute igeri harrapariengandik babestu eta desplazamenduak errazteko. Txundituta behar dute Mediterraneoko sardinek lantzean ontzi baten arrastoa ikusi eta handik laster bi, lau, zortzi... itzal abandonatu, itsas izar handien formakoak, agertzen direnean ur azalean. Akaso entzungo dute arrainok, han behetik, ontziaren kantua: «Mare Nostrum, zure izenari men egiozu arren eta utzi jende hau helbiderik gabeko moilara eramaten. Ondo arribatu eta nahi nuke bertan geratu; (...) ontzi egoskorra izateaz gogaituta, destinoaren lekuko isila izateaz gogaituta». Nik urpetik ez, lehorretik ditut entzun berri Eva Linazasororen hitzok Ruper Ordorikaren ahotsean, patxadaz, esku batean infusioa eta bestean egunkaria dauzkadala: «Italiako larrialdi zerbitzuek 8.300 lagun erreskatatu zituzten asteburuan Mediterraneoan. Horietatik hogei itota hil ziren eta onik ateratako 2.700 bat, igandean lehorreratu ziren Italian. 60 operazio egin zituzten bertako eta Libiako uretan».

Beharbada erratu egin dela idatzi beharko nioke Ruperri, Mare Mostrum kantatu behar lukeela Mare Nostrum barik. Baina, orduan, sardinek neuri hartuko lidakete kontu: «Itzal horiek ez ditu itsasoak ontziratu, aizu! Mediterraneoak ala zuk ote daukazu munstroaren antz handiagoa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.