Miren Amuriza.
BIRA

Mari Domingi

2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur iluntzean hotz egingo du zure herriko plazan. Hotz egingo du eta pandero joleei atzamar puntak gorrituko zaizkie. Oholtzatxo bat jarriko dute, Belengo estalpea albo batean eta aulki bi bestean: Mari Domingi, karameluz beteriko zakua, Olentzero. Ilara luzea parean, baserritar jantziarekin uniformatutako umeak (gonadun mutikorik edo txapeldun neskatorik topatzen duenari, poltsa bete intxaur!).

Ilarako bat, bi, hirugarren haurrak txiza gura duela irudiko du, ai, emozioa zer den! Eskutik oratuta daraman helduari galdetuko dio ea Olentzeroren nobia ote den Mari Domingi; aztertzekoa zergatik ume-umetatik ondorioztatzen duen harreman hurbilekoa duten gizon baten eta emakume baten artean zerbait gehiago egon litekeela (Pirritx eta Porrotx ere nobioak direla uste du), edo zergatik ez lukeen berdin pentsatuko sexu bereko lagun bigatik. Baina heldua modernoa izan, eta erantzungo dio ezetz, ez dela Olentzeroren nobia; bere laguntzailea dela. Zapla!

Ailegatuko da txikiaren txanda, jarriko da Mari Domingi masail-gorriaren altzoan eta pa emateko urreratzean, non entzungo duen estalpeko artzainetako bat atzetik kantari: «Horra, Mari Domingi, begira horri! Gurekin nahi duela Belena etorri...». Eta errege magoak: «Gurekin nahi baduzu Belena etorri, atera beharko duzu gona zahar hori!». Eta Olentzerok: «Hatoz, hatoz, zure bila nebilen ni...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.