Arremanitz kooperatibako Edurne Mendizabal elkarrizketatu du asteon BERRIAk. Eskoletako ikasleekin eta herrietako eragileekin lan egiten dutela azaldu zuen; sexuen hezkuntza, parekidetasuna eta tratu onak sustatzen dituztela. Indarkeria matxista prebenitzeko tratu onez hausnartzea txarrez aritzea baino eraginkorrago dela zioen; sarritan entzuten dugula zertan hobetu behar dugun, ez, ordea, zertan garen onak.
Irakaskuntzan diharduten lagun birekin oraintsu errefortzu positiboez izaniko hizketaldiak gogorarazi zizkidaten gogoeta horiek. Bata HH-n dabil. Lehen, egiten zutena egiten zutela, «oso ondo», «oso polita» eta gisakoak esaten ei zizkien umeei. Harik eta konturatu zen arte txikitxoak bere oniritziaren zain, menpe, egoten zirela beti. Orain, haurrek marrazkiak erakusten dizkiotenean adibidez, «gustura aritu al zara?» galdetzen ei die, eta baiezkoa erantzuten dutenean, horrexek balio duela azpimarratu. Bestea DBH-n ari da, plastikan. Aurten ikastetxe berri batera ailegatu eta liburuarekin lan egitera (irudiak kopiatzera) ohituta zeuden ikasleei sormen ariketa libreagoak proposatzean, gaztetxoak blokeatu egiten direla ohartu da; «nik ez dakit marrazten» esaten ei diote. Nekez hartuko baitu margoekin konfiantza marratik ateratzen den aldiro txarto dabilela entzuten duenak; nekez hartuko goxo albokoa, zabarkeriaz inguratuta dagoenak.

BIRA
Marrazten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu