Miren Amuriza.
BIRA

McLeod / Rodham

2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hauteskunde bezperatan dira estatubatuarrak. Hautagaiak beren zetazko banderak eta aurkariaren trapu zaharrak haizatzen diharduten artean, zergatik ez gu bakoitzaren jatorrira, umetokira, begira. Mary Anne McLeod Eskoziako iparraldean sortu zen. Lehen Mundu Gerraren akabuan, herriko gizonezko gehienak hil egin ei ziren etxera zeramatzan barkua hondoratu zenean eta neska gazteek emigratu egin behar, lehengo miseriaz gain, apenas baitzuten ezkongairik inguruan. McLeod 1930eko maiatzean ailegatu zen New Yorkera eta neskame moduan aritu, harik eta Trump izeneko konstruktore batekin ezkondu zen arte. Aldiz, Dorothy Rodham Chicagon jaio zen, nonbait harreman oso biolentoa zuten guraso batzuengana. Alabak abandonatu eta Kaliforniara bidali zituzten amama-aititekin bizitzera. Ordea, haiek neskatoak oso zorrotz hartu eta Dorothyk alde egin zien 14 urte zituela. Umezaina izan zen. Gerora, Clinton zeritzon negozio gizona ezagutu zuen arte, idazkari. Jakingo nuke zer esango ote lukeen Dorothy Rodham nerabeak (amama-aititek urtebetez bere gelan giltzapetuta eduki ondoren, Los Angeleseko aldirietatik ihes egin zuenak), bere Hillarytxo establishment amerikarrean akomodatuta ikusiko balu. Edo Mary Anne McLeod gazteak (Glasgown haizea poltsikoetan da barkura igo zenak), bere Donaltxok Mexikoko mugan eraiki asmo duen 3.000 kilometroko hesiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.