Bira

Minamisanriku

Itxaro Borda
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Japonia iparraldeko lurrikara eta tsunamiaren ondorioz bi izen iltzatzen zaizkigu muinetan: Minamisanriku eta Fukushima, biak Hokusai margolariak berak nehoiz irudikatuko ez zuen sarraski baten ikur. Breaking news sailetako itxurak lerratzen dira pantailetan eta hatsik gabe gaude: uholde erraldoiak etxeak, beribilak, ontziak, zakarrak, lantokiak denak eramaten zituen, ordu erdi eskas gertatu ikararen ondotik.

Minamisanriku portuan hamar mila jende desagerturik daude. Hiria kartetarik ezabatua dela erakusten dute google earthen begi luzeek. Zutik geratu den egoitza bakarra ospitale publikoa da. Sinets ezina, zuzenean ikusi izan den Fukushima 1 nukleartegiaren zartaketa bezain. Bizirauleak sukaldeetan zerraturik egotera behartzen dituzte jagoitik, gune horretan, irratiaktibitatea gora doalako. Entzun dira europako nuklear lobbyen bozeramaileak agitua hitzez mendratzen, lanjerrik ez bailitzan.

Basho haiku idazlea sokorrilarien artean dabil jadanik, itzal. Ez daki nola azaldu herritarren dolorea. Nehor ez da horrelako makurrari apailatzen. Idatzi du, negarrez: hautsi da lurra, uhinaren ikara, atomo nauzu. Edo antzeko zerbait.

Zorionaren irla da fukushima eta mundu oro mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.