Singapurrek atera ditu emaitzarik onenak zientzietan, matematiketan zein irakurmenean PISAren azterketetan. Bost milioi biztanle pasatxoko herrialde honek garapen nabarmena izan du azken urteotan eta bertako hezkuntza sistema Europako herrialderik aberatsenen pareko izatera ailegatu da. Sarean dabil delako sistemaren arduradunetako batek, Pak Tee Ng-k, beren arrakastaren gakoak azaltzen dituen bideoa: «irakatsi gutxiago, ikasi gehiago» dio, pentsamendu kritikoa eta sormena lehenesten dituztela, ez edukiak memorizatzea. BBC-k kaleratu berri duen erreportaje batek dioenez, hezitzaileek ikasten edo ikertzen jarraitzeko baliatzen dute beren lan orduen parte handi bat eta ikasleei diziplina bakoitzean beharrezko duten lengoaia eta gramatika transmititzen ahalegintzen ei dira; matematika, literatura zein historia irakurtzen irakasten. Liburuak barik, mundua irakurtzen ote duten gaztetxook. Matematiketan esaterako, problema errealetatik abiatzen ei dira eta emaitzari baino, ebazpenari eman garrantzia; ikasleek, eragiketak idazteaz gain, ahoz azaldu behar izaten ei dituzte bidean sorturiko ideia eta zalantzak. Halaber, askok emaitza bikainak lortu arren, estres itzela jasaten ei dute.
Eredu perfekturik ez inon; baina gauzak txarto doazenean, hobeto dabilenari begiratzea eraikitzaileagoa delakoan okerrago dabilenarekin kontsolatzea baino.

BIRA
Mundua irakurtzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu