Nekazarien alegiak ditugu ezpainetan. Baionako Elkar megadendan Agustin Errotabeherek Jean Pitrau atharraztarraz oroitzeko idatzi liburuaren aurkezpenean azaldu zitzaigun José Bovéren antzera. Frantziako lehendakaria ikustean oilarraren irudia datorkigu burura. Herenegun zioten oinak gorotzean bermatuagatik kantatzen zerraikan hegaldun bakuna zela. Arratoiek ontzia abandonatzen duten unean Sarkozyk kukurukuz darrai: moi, la situation, je la sens bien... dena espantu.
Galbidean presidentak ere laborarien mintza-moldeak zinominokatzen ditu: zizare pikatzaileak, ereiten duelarik zer nolako emaitza jasoko duen ez omen daki. Oilarra anartean anatemak bihikatzen dabil, adiskideak jorratzen eta etsaiak bekandatzen, hauteskundeetarako labakiak apalaitzeko. Irri egin beza azken irrigileak erranez bukatzen du. Hargatik ez da segur uzta berak duela bilduko, bere mutilik mehakoilena ari zaiolako haziak gorrotoa lantzen duen auzoaren elgean barreatzen.
Oilarkeria biderkatuek nardatzen gaituzte. Gure baitako beldur antsiatsua harrotzen digute pizorra bailitzan. Eta aitor dut gero anitzago garela edonoiz, metaforikoki noski, duintasuna kolpatzen digun oilar horri buruaren trenkatzeko prest.
Bira
Oilarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu